Albisteak

A+ A A-

Gipuzkoa Encounter 10eko 600 partaideek 2,80 milioi giga mugitu dituzte barne-sarean

 

Gaur amaituko den Gipuzkoa Encounter informatika-topaketan parte hartu duten 600 lagunek 2,80 milioi giga mugitu dituzte barne-sarean, etxeko ordenagailu batek 12.000 urtetan mugituko lukeena. Gainera, Interneteko trafikoa 380.000 gigakoa izan da; hau da, smartphone batek 84.000 urtetan kontsumituko lukeena. Zifra horiek erakusten dute partyan jarduera izugarria izan dela, eta arduradunak oso pozik agertu dira, "historiako Gipuzkoa Encounter onena" izan delakoan baitaude. Bilkuraren arduradun eta Euskaltel Konektako ordezkari Sabino San Vicentek ekimenaren prestakuntza-izaera azpimarratu du, eta doako hitzaldi eta tailerretara pertsona ugari bertaratu direla nabarmendu du. "Hamarrekoa izan da hamargarren Gipuzkoa Encounter, eta erabat asebete gaude emaitzarekin", adierazi du.

Festa honen tamainaz jabetzeko, sistemaren neurriak behatzea besterik ez dago: 7,2 kilometro kable eta segundoko 1.100 giga informazio transmititzeko gaitasuna. Segundoko 10 gigako konexioa ahalbidetzen duen azpiegitura hau aprobetxatuz, erabiltzaileek superordenagailu bihurtu dute Usabal kiroldegia; 600 terako disko gogorra, 7.000 GHz eta 2,8 tera RAM izango lukeen makina erraldoia, hain zuzen.

Jolas eta prestakuntza ekintzetan nahiz lehiaketetan izandako parte-hartze handia eta emaitza bikainak txalotu ditu Sabino San Vicentek. Jende andana gerturatu da robotika, segurtasun informatikoa, 4.0 industria edo adinduentzako smartphone-en erabilera bezalako gaiak jorratu dituzten mintzaldi eta tailerretara.

 

Opengune arrakastatsua

Openguneren erakargarritasun nagusietakoa izan da errealitate birtualeko zona. "Errusiar mendi" erraldoi batean bidaiatzeak sorrarazten duen bertigoa bizitzeko edo errealismo handiko beldurrezko jokoak probatzeko aukera izan dute bertaratuek, "360 murgilketako" VR betaurrekoei esker. Hardware eta 3D inprimaketarako zonan ere gai horien inguruan ikasteko aukera izan dute interesatuek. Gainera, haur eta gaztetxo asko hurbildu dira robotikaren funtsak ikastera: robot batek nola funtzionatzen duen, drone bat nola eraiki, jantzi deigarriak diseinatzeko led argiak nola programatu, eta abar.

Artista digitalen atalean, maila altuko lanak aurkeztu dituzte, musika, irudi eta bideojoko lehiaketetan. Parte-hartzaileetako batzuek hilabeteak zeramatzaten proiektuak prestatzen; txapelketa batzuetan, aldiz, denbora laburrean garatu behar izan dituzte euren sorkuntzak. Hack It/Solve It segurtasun lehiaketan ere hacking, atzeranzko ingeniaritza, kriptografia, logika eta puzzle erronkak gainditu behar izan dituzte parte-hartzaile adituek.

Euskalamiga elkarteak koordinatutako eta Euskaltel Konektak eta Tolosako Udalak antolatutako partyaren babesle dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saila, SPRIren bitartez.

 

twitter facebook flickr youtube instagram