Albisteak

A+ A A-

Adingabeek gailu mugikorrak nola erabiltzen dituzten "gainbegiratzea" gomendatzen dute adituek, arriskuak ekiditeko

 

Gipuzkoa Encounterren parte hartu duten adituek segurtasun informatikoan prebentzioa areagotzeko beharraz ohartarazi dute, teknologia berriek dakartzaten arrisku larriak ekiditeko eta abantaila handiez gozatzeko. Prestakuntza beharrezkoa da kalte horiek ekiditeko, batez ere haurren kasuan: ziberjazarpen, sexting edo grooming kasuak nabarmen ugaritzen ari dira, eta gogoan izan behar da pirata informatikoek 575.000 dolar mugitu zituztela iaz, droga-trafikoaren eta herrialde ertain baten BPGren irabaziak gaindituz.

Inkesten arabera, 10 urteko haurren ia herenak eta 14 urtekoen %83k sakelako telefonoa daukate. Gainera, gero eta gazteago hasten dira haurrak teknologia horiek erabiltzen; askotan arduradunen baten jarraipen egokirik gabe.

Ángel Barrio Martínezek, Euskalteleko Informazio Teknologien Segurtasuneko arduradunak, teknologia berrien inguruan ikasteko gomendatzen die gurasoei, seme-alabek erabilera segurua egin dezaten aholkuak eman ahal izateko. Eginbehar zaila dela onartzen du, aro digitalean jaio diren gazteak eta gurasoak banantzen dituen "amildegi digitala" dela eta. Hala ere, adituaren hitzetan, ezinbestekoa da adingabek ezagutzea zein diren gurutzatu ezin ditzaketen "marra gorriak", eragozpenak gaindituz teknologiaz ahalik eta gehien gozatze aldera.

Informatika zaleak Tolosan bildu dituen Gipuzkoa Encounter topaketan eskainitako hitzaldi batean, Ángel Barriok nabarmendu du telefono mugikorra helduentzat diseinatua dagoela, baina gero eta haur gehiago ikusten direla, baita 10 urtetik beherakoak ere, erreminta horiek erabiltzen. Era berean, ziberjazarpen, sexting (sexu-izaerako ikus-entzunezko materiala zabaltzea, bertan agertzen denaren baimenik gabe) eta grooming (pertsona helduak adin txikikoa sare sozialen bitartez beldurrarazten duenean, berekin harreman sexual birtual edo fisikoak edukitze aldera) praktikak areagotzen ari dira. Barrioren aburuz, Internet bidezko jazarpena askoz ere kaltegarriagoa da, eguneko 24 orduetan manten baitaiteke.

Egoera horren aurrean, Barriok arriskuak murriztea aholkatzen du, larrialdian jar gaitzaketen irudiak ateratzeari uko eginez edo, behintzat, horiek ez partekatuz, ezta pertsona ezagunei ere. Adituak azpimarratu duenez, "bidaltzen dugun guzti guztia hirugarrenek eskura dezakete".

"Ziberdelitugileen lana ez errazteko", mugikorretan segurtasun pasahitzak jartzea gomendatzen du Barriok. Partekatutako ordenagailu bat erabiltzerakoan, beti saioak ixteko aipatu du; wifi sare irekietara ez konektatzeko, konfiantzazkoak ez badira; eta aplikazio eta programak jaisterakoan kontu handiz ibiltzeko ere esan du. Horrez gain, adingabeei informatzea beharrezkoa dela dio, euren datuak lapurtzeko lagunen baten profila faltsutzea zein erraza den azalduz.

Halaber, hezkuntza-zentroetan mugikorrak debekatu beharko liratekeela pentsatzen du adituak, abantaila ugari eta sormena lantzeko aukerak eskaintzen dituztela aitortu duen arren. Zentzu horretan, Finlandiako ikastetxeetan ezarritako KiVa programa eredu gisa hartzea aholkatu du, horri esker asko murrizten ari baitira eskolako jazarpena eta ziberbullying-a. Adingabeei prestakuntza eskaintzeaz gain, taldeko ekintzen garrantziaz eta biktimarekin enpatia izateko eta berau defendatu eta babesteko kontzientzia zabaltzeko beharraz aritu da.

Ordenagailu-bahiketa saihesteko aholkuak

S21Sec enpresan 2006tik segurtasun arloko auditorea den Iñaki Morak, berriz, eraso piratek, birusek eta malware-ak dakartzaten arrisku ekonomikoez ohartarazi du. Zibergaizkileek gero eta erreminta sofistikatuagoak erabiltzen dituztela argitu du; esate baterako, ordenagailuen "bahiketa", erreskatea eskatu ahal izateko. Kasu horietan, delitugileen eskakizunei ez erantzuteko aholkatzen du, ez baitago informazioa berreskuratzeko aukerarik nahiz eta haiei ordaindu. Edonola ere, ziur dago ikerkuntzan eta segurtasun neurrien garapenean egindako inbertsioa lagungarria dela, prebentzioan emandako aurrerapausoekin batera, delitu horietan dabiltzan "mafiei" aurrea hartzeko.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Informatika departamentuko irakasle Jesús Lizarragak jakinarazi du industriek eta enpresek gehien jasaten dituzten erasoak zerbitzua edo ekoizpena etetera bideratuak daudela. "Ekoizpen sistema egun batzuez geldiarazteak ondorio ekonomiko larriak eragiten ditu, baita enpresaren irudia kaltetu ere".

Lizarragaren esanetan, enpresa-munduan lehentasunezkoa da produktibitatea edo eraginkortasuna bilatzea, baina alde batera uzten da segurtasuna "arazoa sortzen den arte; orduan hasten dira kezkak". Bere esperientziatik dio "lehenago edo beranduago" enpresek erasoak jasaten dituztela, eta ingurune produktiboak modu egokian babestea gomendatu du.

twitter facebook flickr youtube instagram