Albisteak

A+ A A-

Abiadura bizian hasi da Gipuzkoa Encounter 10, 600 informatika zalerekin

 

Abiadura bizian hasi da inoiz izan den Gipuzkoa Encounter ikusgarriena. Informatikaren eta teknologia berrien arloko zaletuak biltzen dituen topaketa honek segundoko 10 gigako konexioa eskainiko du hamargarren urteurrenean, aurreko urteetan baino hamar aldiz azkarragoa. Bilkura Tolosako Udalarekin batera antolatzen duen Euskaltel Konekta fundazioak interneten nabigatzeko abiadura nabarmen areagotuz ospatu nahi izan du egitasmo berezi hau.

Tolosako Usabal kiroldegian elkartu diren 600 parte-hartzaileek asteburu luzeaz gozatu ahal izango dute arte digital, bideojoko, programazio, software libre eta hardware bezalako arloetako ekintza eta lehiaketetan parte hartuz. Horrez gain, publikoari irekitako zonan, Opengunen, adin guztietarako hitzaldi eta tailerrak izango dira eta gai anitz jorratuko dituzte: segurtasun informatikoa, 4.0 industria, bideojokoen garapena, robotika eta smartphonen erabilera zuhurra, besteak beste.

Gipuzkoa Encounterren inaugurazioan hitza hartu duten ordezkari instituzionalek, partyaren babesle diren Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Tolosako Udalaren eta Euskaltelen izenean, hiritarrei gonbita luzatu diete Usabalera bertaratu eta giroaz goza dezaten. Sarrera libreko gunean, doako hitzaldi eta prestakuntza-ekintzez gain, 3D inprimaketako makinak daude, euren diseinuak bertan inprimatu nahi dituztenentzat eskuragarri. Gainera, atrakzio zorabiagarrien gainean disfrutatzeko aukera ematen duten errealitate birtualeko betaurrekoak, bideojokoen zona, produktu teknologikoen standak eta mahai-jokoak ere badaude.

Tolosako alkate Olatz Peonek jakinarazi du udalerria "oso pozik" dagoela parte-hartzaileei harrera egitearekin eta ekimena bertan izatearekin. Gainera, egun hauei zukua ateratzeko esan die bertaratuei: "ahalik eta gehien gozatu eta ikasi".

Bestalde, Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuak, topaketak eskaintzen dituen prestakuntza-eskaintzak azpimarratu ditu, eta adierazi du Foru Aldundiak berrikuntzaren eta teknologiaren gainean eraiki nahi duela "etorkizuneko Gipuzkoa". Zentzu horretan, bertaratuei eskerrak eman dizkie zeregin honetan aurrendariak izateagatik.

Bilkura hau posible egiten duen lantaldearen konpromisoa eta dedikazioa nabarmendu du Euskaltel Konekta fundazioaren arduradun eta Euskalteleko Erakunde Harremanetarako zuzendari Nerea Lupardok, eta elkarlan publiko-pribatua txalotu du, gisa honetako egitasmoa gauzatzeko "ezinbestekoa" baita. Halaber, "hamargarren urteurrena ospatzeko, 10 gigak estutzera" gonbidatu ditu partaideak.

Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendariak, Aitor Urzelaik, antolakuntzaren lana eskertu du, eta parte-hartzaileei eskatu die euren talentua "berrikuntzaren eta enpresen zerbitzura" jartzeko.

Euskalamiga elkarteak koordinatutako eta Euskaltel Konektak eta Tolosako Udalak antolatutako partyaren babesle dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saila, SPRIren bitartez.

twitter facebook flickr youtube instagram