Albisteak

A+ A A-

Euskaltel Konektak 10 aldiz biderkatuko du Gipuzkoa Encounterren konexio-abiadura, informatika-topaketaren 10. urteurrena ospatzeko

 

  • Segundoko 10 gigabiteko konexioarekin hautsi du markatu berria Gipuzkoako informatika-topaketak
  • Ordenagailu-jarlekuen erreserba ere inoiz baino azkarragoa izan da: parte-hartzaileek 34 segundo eskasetan hartu dituzte eserleku guztiak
  • Apirilaren 15 eta 17 bitartean ospatuko den informatikaren eta teknologia berrien festa honetan 600 zaletu inguruk hartuko dute parte; arte digitaleko, hardwareko eta software libreko lehiaketak izango dituzte, baita sareko jokoetan jarduteko eta hitzaldi nahiz tailerretan parte hartzeko aukera ere
  • Euskaltel Konekta Fundazioak eta Tolosako Udalak antolatu dute bilkura, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin

 

 

Gipuzkoa Encounter informatika-topaketak bi marka hautsi ditu 10. urteurrenean: bere historiako konexio-abiadura handiena izango du, iaz baino hamar aldiz azkarragoa, eta sarreren erreserba-denbora inoiz baino laburragoa izan da, 34 segundo eskasekoa. Euskaltelek eskainitako segundoko 10 gigabit horiei esker, oso nabarmen gaindituko da etxeetan izan ohi den konexio-abiadura eta Gipuzkoa Encounter Estatuko informatika-topaketa azkarrenetarikoa bilakatuko da.

Ordenagailu zaleen bilkura osasun bikainarekin iritsi da 10. urteurrenera, eserlekuen erreserba-marka txundigarriak erakusten duen moduan. Ezinezkoa zirudien arren, parte-hartzaileek lortu dute iazko 41 segundoko epea gainditzea. Sarrerak urtetik urtera azkarrago saltzen dira; 2011 urtean, esaterako, 400 eserlekuak betetzeko hiru ordu behar izan ziren, eta orduz geroztik, nabarmen gainditu da errekorra.

Ehunka geek bertaratuko dira martxoaren 13 eta 15 artean Tolosara, Euskaditik nahiz espainiar Estatutik etorritakoak, sarean dozenaka jarduera gauzatzeko. Gipuzkoa Encounterreko egitarauaren barne arte digital, programazio, bideojoko, software libre eta hardware arloetako lehiaketak daude, baita teknologia berriekin loturiko hitzaldi eta tailerrak ere.

Aurten ere, Tolosako Usabal polikiroldegian bilduko dira espero diren 600 bisitariak. Bestalde, polikiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain Ikastolan gaua pasa ahal izango dute hala aukeratzen duten parte-hartzaileek.

Euskalamiga elkarteak koordinatutako eta Euskaltel Konektak eta Tolosako Udalak antolatutako partyaren babesle dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saila, SPRIren bitartez.

 

Publikoari irekia

Hitzaldiak eta tailerrak publikoari irekiak eta doakoak izango dira, baita kiroldegiaren sarreran kokatutako bideojokoen zona ere. Gainera, interesatuek eguneko sarrerak hartu ahal izango dituzte, partaideen gunean sartu eta partyko egitarauak hartzen dituen ekintzetan parte hartu ahal izateko.

 

Gipuzkoa Encounterren jatorria

Euskadin informatika zaleen hitzordu gehiago sortzeko eskaerari erantzuteko jaio zen Gipuzkoa Encounter, eta Euskal Encounterrekin, Estatuko party handi eta zaharrenarekin, bat egin zuen. Ildo beretik sortu zen Araba Encounter duela bi urte.

 

Euskaltel Konekta

Euskaltel Konektak pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa bultzatzen du, EKTen erabilera oinarritzat hartuz. Fundazio honek euskal gizartean teknologia berriak eta gazteak ardatz dituzten jarduerak sustatzen ditu, baita EKTen ezagutza eta erabilera ere. Horrez gain, EKTekin loturiko erreferentziazko ekitaldietan parte hartzen du.

twitter facebook flickr youtube instagram